XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARA Euskara da hizkuntza honi etxekoek ematen dioten izena.

(Izen honek baditu, noski, bere aldakiak: euskera, eskuara eta abar).

Euskal Herria, hau da, Euskararen herria, deitzen diote etxekoek berriz ere hizkuntza hau erabiltzen duen herriari.

Eta euskaldun, azkenik, euskararen jabe denari, hots, euskaraz mintzo denari.

Nahikoa salatari da xehetasun hau; esan nahi du, alabaina, herri honek bere mintzaira duela ezaugarri nagusi.

Euskararen hedadura, gaur Frantziako Hegoaldean eta Espainiko Iparraldean kokatua da Euskal Herria.

Zehazkiago esanez, Pirineo Atlantikoak deitzen den frantses Departamenduaren parte dira behialako hiru probintziak: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Mintzatzaileen kopurua, 80.000 guti gora-behera.

Espainiako aldean, berriz, lau euskal probintzia dira: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa.

Mintzatzaileen kopurua, miloi erdi.

Baina zazpi lurralde honetan bizi diren guztiak ez dira gaur euskaldun.

Esan behar da gaur euskarak bere burua setiatua duela, frantsesak alde batean eta espainolak bestean eremua ebatsi diotelarik.

Emigrazio handiko herria izan da euskalduna.

Horregatik euskaldunen multzoak sakabanaturik daude munduan barna, batez ere Hego Ameriketan (Argentina, Chile, Uruguay, Venezuela) eta USAn, Madrilen, Parisen eta abar.

Emigratu horien artean batzuek bederen beren hizkuntza atxikitzen dute.

Euskararen hedadura, lehen Aitortu behar da, lekukotasun eta ikerketen eskasiagatik, hizkuntza honen iragana ez dugula ongi ezagutzen.

Uste da, haatik, sortalderuntz Pirineo aldean orain den baino hedatuago egon zela.

Erdi Aroan, berriz, Errioxa eta Burgosko parte batzuetan ere mintzo zela frogaturik dago.

Pixkanaka, ordea, atzerakada handiak ezagutu ditu.

Galerarik handienak Araban XVIII. mendean eta nafarroan XX.ean ezagutu ditu.

Euskararen berezitasuna Hizkuntzalarientzat hauxe da notatzekoa: euskara ez baita sartzen hizkuntz-familien sailkapenetan.

Ez zaio ahaidetasunik somatzen inguruko beste hizkuntzekin.

Gertaera honek anitz galdera sortarazi ditu: Zein da hizkuntza honen jatorria edo etorkia? Nondik heldu da? Munduan dauden edo egon diren hizkuntzetarik zeinekin du zer-ikusi?.

Hipotesi gisa euskararen ahaideak bilatu nahi izan dira Kaukaso hizkuntzen artean, ibero zaharrean, Afrikako zenbait hizkuntzatan, eta abar; baina gaur artio ez da deus garbirik frogatu.

Pentsatzen da, bada, indoeuropar uholdea Europan zabaldu baino lehenagoko hondar bat dela.

Itsaso horrek dena estaldu zuelarik, lehengo hizkuntzen agerbide bakar hau gelditu zela, alegia, eta erromanizazio garaian ere salborik atera zela.

Baina honek ez du esan nahi aldameneko hizkuntzen eragina jasan ez duenik.

Mendeetan barna har-emanak izan ditu euskarak inguruko hizkuntzekin, eta mailegu asko hartu ditu horietarik: zeltarik, latinetik, gaskoinetik, arabieratik, gaztelaniatik, eta abar. Latinetik batez ere. Latinaren eragina, dirudienez, ez da murriztu behar hiztegira bakarrik; baita morfologiako zenbait sailetara ere iritsi da, baina, hori gorabehera, euskararen bisaia eta nolakotasun berezia ez da gehiegi ukitua izan.

Euskalkiak Bere baitako batasuna euskarak bere egituran garbi asko adierazten du; haatik, euskalki edo dialektotan banaturik ageri da.

Bonaparte Printzeak zortzi euskalki edo dialekto aitortzen zituen euskara mintzatuan.

Hona hemen beroien izenak: bizkaiera, gipuzkera, goi nafar iparraldekoa, goi nafar hegoaldekoa, lapurdiera, benafar mendebaldekoa, benafar sortaldekoa eta zuberoarra.

Euskalki horien arteko aldeak batzutan aski nabarmenak dira, eta, dirudienez, aspaldidanik datoz, baina hizkuntzaren jatorrizko batasuna ez dute funditzen, axaletik pixka bat estaltzen badute ere.

Euskalkien ugaritasun edo aniztasun hau esplikatzeko jakin behar da euskara bertan behera utzia egon dela, ofizialtasunik gabe, eskoletan sarrerarik gabe eta oso beranduraino ez dela landu, eta orduan ere gutixko.

Gainera, Euskal Herriko lurraldeak aski isolatuak bizi izan dira bata bestetik.

Euskararen nolakotasuna Hemen, bistan da, lerro nagusi batzuk bakarrik aipa daitezke.

A) Fonetika. Arlo honetan euskararen sistema aski sinplea da.

Bost bokalak ditu: a, e, i, o, u.

Kontsonanteen artean baditu leherkari ahostun eta ahoskabeak: p, t, k; b, d, g; bi r (leuna eta gogorra); bi txistukari (s eta z), eta igurzkariak (tz, ts, tx, x).

Badu g eta bai j ere.

Hasperena (h) gaur Ipar Euskal Herrian soilki ahoskatzen da.

B) Morfologia. Oso aberatsa da euskara atzizki eta posposizioetan; aurrizkietan, aldiz, oso pobre.

Atzizkiez baliatuz egiten da izenen deklinabidea.

Artikulua atzetik jartzen zaio hitzari.

Euskaraz hitzek ez dute jenerorik.

Aditz jokatzeari gagozkiola, gaur egunean aditz laguntzaile bidez jokatzen dira aditz gehienak; halere, badira zenbait aditz trinko, laguntzaile beharrik ez dutenak.

C) Sintasia. hitzen ordenatze modua guztiz alderantzizkoa da inguruko hizkuntzek darabiltenetik.

Perpausen arteko lokarriak egiteko atzizkiez eta aurrizkiez baliatzen da euskara, edota juntagailu gisa hartutako hitzez.

Euskal literatura Herri-mailako literatura edo ahozko literatura beti egon da Euskal Herrian, baina idazten ez zelako, ez dira guregana zenbait agerbide baizik heldu: eresiak, kantazaharrak, atsotitzak, Zuberoako Pastoralak, eta abar.

Literatura idatzia edo idazleena XVI. mendean hasten da eta euskalkitan banatua ageri zaigu.

XVI. mendean bi idazle dira: Detxepare eta Leizarraga, bata olerkaria eta bestea Testamentu Berriaren itzultzailea.

XVII. mendean idazle mordoska ageri da.

Hona hemen aipagarrienen izenak: Ziburuko Etxeberri, Oihenart, Gasteluzar, Tartas Harizmendi, Pouvreau eta Axular, Gero liburuaren egile famatua.

Prosa landu dutenen artean beroni eman izan zaio txapela.

XVIII. mendean Iparraldean Etxeberri Sarakoa, Haraneder, Xurio, Baratziart, Mihura eta beste azaltzen dira; Hegoaldean, berriz, Aita Larramendiren gramatika, hiztegi eta euskararen aldeko lanei esker; lozorrotik iratzarten hasiak dira eta hiru idazle bederen aipa daitezke: Kardaberaz, Mendiburu eta Ubillos.

XIX. mendean ere Ipar Euskal Herrrian idazle lerrokada ageri da: Duhalde, Hiribarren, Archu, Daskonagerre, Laphitz, Etxahun, (...).